Garoñatik hasita, Zentral nuklear guztiak itxi!!


EUSKAL HERRIAN ETA MUNDO OSOAN, BESTE ELEKTRIZITATE EREDU ETA KONTSUMO BAT POSIBLE DA

Diseinatu zenean aurreikusi zitzaion bizitza epea Garoñak gainditu du. Guztiz amortizatuta dagoenez Iberdrolak eta Endesak irabazi handiak jasotzen dituzte: gure osasunaren kontura egiten den negozioa da. Egitura arazo larriak dituen instalazio nuklear zaharkitua da.

Rodriguez Zapateroren gobernuak 2004an eta 2008an eginiko promesa elektoralak ahaztu ditu eta ez du nuklearrak bere bizitzaren bukaerara iristen direnean ixteko egutegirik egin; ezta esan zuen bezala Garoña itxi ere, erabakia hurrengo gobernuaren esku utzi du. Berriro ere Fukushimako 1. erreaktorearen berdina den Garoñako zentrala berehala ixtea exijitzen dugu.

Dagoeneko Fukushiman Chernobilen igorri zen erradioaktibitatearen bostena igorri da, 3000 km2ko lur-zatia dago kutsatuta, eta 100.000 pertsona ebakuatu dira. Egoerak kontrolez kanpo jarraitzen du, eta enpresa jabearen arabera, gauzak ongi joanez gero gutxienez urtebete beharko dute urtu diren erreaktoreen nukleoak kontrolatzeko.


Beste elektrizitate hornidura eredu bat posible da, nahiz eta benetako aldaketa kontsumoa gutxitzean eta energia aurreztean eman behar den. Epe ertainean kontsumoa %30-40 gutxitzea posible da gure bizitza kalitatea funtsean aldatu gabe. Hobeto bizitzeko eta gutxiago kutsatzeko ezinbesteko planteamendua da gutxiago kontsumitzea.

Beharrezkoa da Euskal Herrian energia berriztagarriei bultzada ematea, bereziki Euskal Autonomi Erkidegoan, elektrizitate ekoizpenaren %5era ez baita iristen, Nafarroan %81a den bitartean.

Ikatzaren erabilera elektrizitate ekoizpenean alde batera uztea eta Pasaiako zentral termikoa ixtea eskatzen dugu, ikatzak asko kutsatu eta klima aldaketa indartsu bultzatzen duen faktore bat delako. Gas bidezko ziklo konbinatuko zentral berrien eraikuntzaren aurka gaude, horrek %100 berriztagarria izango den elektrizitate ekoizpen sistema baten garapena kolokan jarriko lukelako.

Hau guztia dela eta zentral nuklearren mailakako ixte azkarra eskatzen dugu, zaharkituena eta arriskutsuena den Garoñatik hasita, eta energia berriztagarrien aldeko aldarrikapena egiten dugu, klima aldaketa garaiz geratzeko gai den alternatiba garbi eta seguru bakarra direlako




SARDINIA ZORIONAK!

EGUZKIK SARDINIARRAK ZORIONTZEN DITU EUREN KONTZIENTZIA ANTINUKLEARRAGATIK

Sardiniako milioi eta erdi hiritarrek energia nuklearraren eta honen hondakinen inguruko iritzia eman ahal izan du erreferendum bidez.

Asteburu honetan Sardiniako biztanleen gehiengo zabal bat uhartean zentral nuklear bat eraikitzearen kontra azaldu da, eta hondakin erradioaktiboentzako biltegi bat eraikitzeko plana ere atzera bota du.

Erreferendumak populazioaren %30aren parte hartzea behar zuen balekoa izateko, eta muga hori erraz gainditu du. Erreferenduma Fukushimako istripuaren aurretik deitu zen, eta SIN (Sardigna Natzione Independente) alderdi independentistak proposatu zuen, horretarako behar ziren sinadurak bilduta.

Galdera hau egin zen: Sardinian zentral nuklear bat eta honen hondakin erradiaktiboentzako biltegia ipintzearen kontra zaude? Eta baiezkoa nagusitu zen, irlako erakunde eta alderdi gehienen babesarekin. Sardiniako presidente Ugo Cappellaccik ere publikoki eman zuen baiezko botoa.

Eguzkikook sardiniarrak zoriondu nahi ditugu, euren eredu eta kontzientzia antinuklearragatik, eta espero dugu eredu hau Italian ere zabalduko dela. Izan ere, italiarrak ere energia nuklearraren aurka azaldu ahalko dira ekainaren 15 eta 16an egin nahi duten erreferendumean. Berlusconik erreferenduma gelditu nahi du, badakielako italiarren gehiengoak ez duela babesten Italia nuklearrez betetzeko bere asmoa.

Erreferenduma loteslea izateko eta kontuan edukitzeko hiritarren %50aren parte hartzea beharrezkoa bada ere, Berlusconiren alderdiak berau ekidin nahi du, aitzakiatzat ipinita jada eskatu duela urte beteko moratoria nuklearrentzat. Il Cavalierek (beste batzuk ezizen desatseginagoz ezagutzen dute) ez du nahi herritarren gehiengoa bere nahien kontra dagoela bistaratzea. Gaia Auzitegi Gorenaren esku dago, eta espero dugu azkenean herriari hitz egiten lagako zaiola.

Eguzki talde ekologistak inbidia -sanoa, noski- dauka, Sardiniarrek euren iritzia eman ahal izan dutelako, eta agian italiarrek ere hala egingo dutelako. Baten batek imajinatzen du halako erreferendum bat Euskal Herrian, dela nuklearrengatik, dela beste zerbaitengatik? Zoritxarrez, gure agintariak halako asmoetatik oso urruti dabiltza. Zoritxarrez. Horrexegatik gure inbidia.

Zorionak Sardinia!


EGUZKI
2011ko maiatzean



FUKUSHIMA GEHIAGO EZ, GAROÑA ITXI ORAIN

MARTXOAREN 26a, 19:00etan. GASTEIZKO AMABIRJIN ZURIAREN PLAZAN

Egun denok izan dugu Japonian gertatutako lurrikara eta itsasikara naiz honek izan dituen ondorioen berri: gutxienez 20.000 lagun hildako naiz desagertuen artean. Halakotan ezin dugu gure elkartasuna azaldu besterik eta hala egin dugu.


Baina, Fukushiman gertatu den istripu/gertakari nuklearra beste kontu bat da. Nuklearzaleak beti argudiatu dute istripu nuklearra gertaezina zela baina gertatu da. Ondorioz, "hutsik egin ezin duten" nuklearrak zalantzan geratu dira: “Three Miles Island-en (1979) sistemare akatsa izan zen, Chernobyl-en (1986) sobietarren teknologia zaharkitua, Fukushiman hondamendi naturala eta zentraletako hozte sistemaren akatsa”... Zein izango ote da hurrengo aitzakia? Ezin onar dezakegu neutroiaren sasijainkoak, enpresa elektrikoak, milaka milioiko etekinak ateratzen dituzten bitartean gurekin " ruleta rusa edo japonesara" jolastea.


Gertakari honen kasuan izan diren kaltetuei elkartasuna adieraztea egin beharrekoa bada ere -zalantzarik gabe -, ezin gaitezke mugatu horretara. Are gehiago, Fukushimako 1 erreaktorea eta Garoñako zentral nuklearra bikiak direla jakinik, ezinbestekoa da Garoñaren ixtea.


Garoña itxiko zuenaren hautes promesa egin zuen PSOE-k, berak luzatu zuen gero 2013 arteko Garoñaren bizitza, bide horretan eskubiko partiduen eta elektriken interesei men eginez. Itxiera honek berehalakoa izan behar du zaharra naiz arriskutsua delako, gizarteak eskatzen duelako, amortizatua dagoelako eta hautes promesa bat delako.





Guzti horregatik dei egiten dugu mobilizazio honetan parte har dezazun.

AUTOBUSA Bilbotik: Arriaga Antzokitik, 17:30ean.
Izena emateko: Bilboko Rondako Herriko Tabernan eta Barakaldoko Argalario Tabernan. Baita 688662532 telefonoan ere.

Mugi zaitez goi tentsioko linearen kontra!


ARRATIA BIZIRIK taldeko lagunek bidalitako mezua daukazue hemen:

AHTaren beharrak asetzeko, goi tentsioko linea bat jarriko dute Bizkaian eta Gipuzkoan. 72 kilometro pasatxoko sarea egin nahi du REEk Gueñes eta Ezkio-Itsaso artean; 400 kilowatteko ahalmena izango du . Bizkaiko mendebaldetik Gipuzkoako erdialderaino, goi tentsioko argindar linea bat eraikitzeko baimena eskatu du REE Red Electrica Española enpresak.
72 kilometro pasatxoko bidea izango da Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) lotuko dituena. Lineak zeharkatuko lituzkeen herrien artean Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Iurreta eta Zaldibar, besteak beste. 400.000 watt garraiatzeko ahalmena izango du. AHT abiadura handiko trenaren proiektuarekin lotu du azpiegitura hori REEk; haren esanetan, «hil edo bizikoa» da ahalmen handiko argindar sare bat eraikitzea, tren lasterraren energia beharrei erantzuteko.
Espainiako Aldizkari Ofizialak dagoeneko argitaratu du REEren baimen eskaria, eta zabalik dago alegazioak aurkezteko epea. REEk 37 milioi euroko inbertsioa egin nahi du linea eraikitzeko. Prozesua hasita, urtebete baino lehen lortu nahi dute ingurumen baimena, eta 2013an hasi obrak. Bi urteren buruan kableak 72.427 metroan zabalduta izatea da enpresaren nahia. Aurreikuspen horiek betetzekotan, AHTa martxan jarri aurretik —2016— abian litzateke goi tentsioko linea.

alta tension

Mugi zaitez…
-Arratiatik pasa nahi duten goi tentsioko kableak zein AHTak berak, ingurumena bortizki kaltetuko lukeelako.
-AHTaren lanei erantzuteko energia eta bestelako baliagaiak xahutzen ari direlako.
-Krisi garaian AHTarekin eta haren ondoriozko lanekin denon dirua gutxi batzuen mesederako alferrik gastatzen ari direlako.
…goi tentsioko linearen kontra!



NUKLEAR GUZTIAK ITXI BEHINGOZ!!