Karpoko erromerie

Maiatzak 5, Areatzan
9:30 Txistu soinuegaz Areatzatik ibiliko gara
10:00 Santi Kurutzera igoera
11:00 Santi Kurutzen gustoko dauenarentzat meza
11:45 Areatzako udaletxeak ipinitako piskolabisa
Zeozer piketea, ez tripa betetea
12:30 Karporantzako bidea hartuteko heldu jaku
13:00 Txalaparta, gaita eta erraldoiakaz batera karpon rezibimentue
14:30 Lehengo usure, bakoitzak etxetik ekarritakoagaz, bazkari popularra
Karpoko esplanadan, kultur batzordeko txosna egongo da.
15:30 Gurasoak gusture bazkalduteko, umeentzako pelikula
17:00 Kuadrilen arteko herri kirolak, izen ematea bertan egingo da
20:00 Erromerie
22:00 Dj-a Laminetxe gaztetxean

Orain dela gitxi, kultura eta kirola bultzatu eta dinamizatzeko asmoz, batzorde barri bat sortu da Areatzan. Momentuz, sortuberri den plataforma honek ez dauka izenik, ez kartel orokorrik, ez aurrekonturik,... Baina balantzaren beste aldean, guzti honi aurre egiteko eta etorkizunean sor daitezkeen eztabaidak afrontatzeko, batzorde honek, Areatzako kultura eta kirola indartzeko gogoa daukaten pertsona talde baten konpromezua, esfortzua, lana eta ilusioa dauka.

Edozein jaioberri moduan, gure lehen urratsak sendoak izatea nahi dogu eta horregaitik, hasiera baten betebeharreko helburuak ere txikiak, baina aldi berean atzerapausurik gabekoak izatea desio dugu. Epe luzerako proiektu egonkor bat sortu nahiean gabilz, eta argi daukagu, kirolagaz metafora bat eginez, maratoi lasterketa baten aurrean gagozala eta gu oraindik lehen kilometroak baino ez doguzala egin; beraz arnasa, abiadura eta hartu baharreko erabakiak, kontu haundiz aukeratu behar doguz, helmugara ahalik eta sendoen heltzeko.

Gure ibilbidea hasteko, hiru proposamen daukaguz:

1. Auzo edo ermitako jaiak berpiztea eta indatzea. Santi Kurutzetik hasite eta Errukinen amaitute, auzoko jai hauek herritaratu eta bere garaian zeukaten xarma berreskuratzea nahi dogu.
2. Herritarrek ahalik eta kultur informazio gehien edukitzea. Honetarako beste herrietako (Bilbo, Igorre, Zornotza, ...) kultur eta kirol eskaintza denon esku egotea ahalbideratzen saiatuko gara. Honekin batera, batzorde honek herriko ekintzen informazio guztia hiru hilabetean behin zuen etxeetara helarazteko konpromezua hartzen dau.
3. Kultura herritaratzea. Herritarrak kultur eta kirol ekintzen protagonistak izatea gura geunke. Honetarako, elkarte guztien eta herriko jendearen partehartzea bultzatzea espero dogu.

Kultur eta Kirol Batzordea